‘Azal arrastoak’, Keixetaren erakusketa berria Iruñeko Apaindu arte espazioan
Data
25.03.21 - 25.04.30
Lekua
Nafarroa - Iruñea

Txiki Agirre ‘Keixeta’-k (Arroa, 1963) erakusketa berria ondu du. ‘Azal arrastoak’ izenburupean, ohikoa duen legez, margoak zein eskulturak jarri ditu ikusgai Iruñeko Apaindu galerian. Bertako arduradun Inazio Belokiren gonbidapenari baiezkoa eman ondoren sortu zaio aukera.
Iazko abuztuan Keixetak Zumaiako Oxford aretoan egindako erakusketa du abiapuntu. Orduko hartan azken hamarkadan bizitoki duen herriko arte espaziorako propio sortutako artelanez osatuta zegoen erakusketa eta gauza bera egin du orain.
Elkarrekin partekatzen dute lekua artistaren lanerako estudioan eta era berean daude bisitariaren begiradapean ere, elkarren ondoan. elkar elikatzen eta elkar eragiten.
Materiala prestatzen bai, denbora behar izaten du kasu askotan Keixetak. Behin hori eginda, gestualtasuna bilatzen du artistak lanerako orduan. Haurrak ditu ispilu horretarako. Kasik pentsatu gabe, mugimendu bizkorrak egiten ditu eskuaz.
Datorren apirilaren 30a bitartean ateak irekita izango ditu ‘Azal arrastoak’ erakusketak. Bisita ordutegia honakoa da: astelehenetik ostiralera goizeko 11.00etatik 14.00etara eta 18.30etik 20.30era. Larunbatetan: 10:00etatik 14:00etara. Sarrera doan da.
Kokapena
Apaindu Espacio Arte
Kuria, 7
Iruñea. Nafarroa